#badon
Gu egiten gaituen hori ez da neutroa, iritsi zaizkigun kultur erreferentziek gizarteko botere harremanak isladatzen baitituzte.
Euskal Kultura deritzogun hori zer da ba, kultura besteari lekua egitea bada?
Sukaldetan edo labaderotan kontatzen zirenak kantatu izan bagenitu, zer kantatuko genuke plazan? Zer litzateke gutaz haien ahotsek, gorputzek, lekua izan balute?
Nori egin zaio lekua? Non? Noiz nork eta nola?
Nor gara gu? Nor da bestea? Nortzuk ziren haiek?
Galdera hauei eta bidean topatzen ditugun beste hainbati erantzun nahian, sormen-lan kolektibo bat proposatzen dugu, helburu argi batzuekin:
- Genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea
- Orain garen honetatik eta izan nahi dugun horretatik sortzeko markoak eraiki eta prozesuak bultzatzea
- Transmisioa, zer garen eztabaidatuta erabaki ahalko dugulako zer izango garen
Disziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat da proposatzen duguna. Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztuko da bidea, artista garaikide desberdinek, disziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz. Euskal kulturaren transmisiorako egitasmo sendoak eraikitzea da erronka, horretarako eragile desberdinak saretzeko egiturak harilkatuz.
Prozesu horren bidean sortuko den ekoizkina emanaldi transmedia interdisziplinarra izango da, guztia plazaratu, gozarazi, gozatu, gogoratu eta lekukoa eskutik eskura pasatuz.
Musika, antzerkia, arte plastikoak, ikusentzuneko sorkuntza, literatura, dantza, bertsolaritza, argazkigintza, ilustrazioa, arkitektura…
Bagara nor.
#badon hamaika.