“Euskal hiztuna emakumea* da eta emakumea* euskal hiztuna da.
Euskaltzaletasunaren historia sozialak emakume euskaldunen errelatu propioa aitortzea interesgarri izan daiteke, hor badelako hiztuntasun azpiratu bat generoarenari lotua, beste menderakuntza sakonago bat, emakumea izatea eta euskal hiztuna izatea txirikordatzen dituena.
Ziur gaude geure amonen errelatuak ez direla geure aitonen berdinak. Ezta geureak ere. Mugimendu feministan euskal hiztunaren aitortza egitea kostatzen den bezala, euskaltzaletasunean ere kosta egiten da emakume hiztunaren errelatu hori aitortzea”
Trikua esnatu da (Lisipe, 2019). Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga
Sinopsia
Sorkuntza prozesu kolektibo, kolektibizatu eta disziplina anitzeko bat diseinatuko dugu, zeinaren bidean galderak bilduko ditugun. Belaunaldi arteko transmisioa, genealogia kulturala eta kanona kuestinoatzea proposatzen dugu, euskal kultura deritzogun hori josi dutenen artean galdu diren hari muturrak identifikatu eta beraietatik tiratzeko. Ez ditugu erantzunak bilatu nahi, baina bai galderak aurkitu eta itzalean geratu diren gorputzen ahotsak plazara ekartzea.
Arte disziplina anitz eta garaikideen bidez errelato alternatibo eta gaurkotu bat proposatuko dugu. Emaitza kontakizuna bera izango da, eta prozesua partekatzean sortuko diren narratiba berriak. Agian, gaurdaino eta gureganaino iritsi den hariari katebegiak falta zaizkiolako
Sorkuntza
Sormen prozesu kolektibo honetan gorputz desberdinek hartuko dute parte: gorputz sortzaileak, oholtzaratzaileak, konplizeak, aholkulariak eta babesleak.
Herriz herri euskararen berezitasunak aztertzen diren bezala, sormen prozesu honen hasieran iritzi/kezka/galdera anitzak izan nahi dira kontuan. Taularatuko den emanaldia mezu hauen eta beraien inguruan sortutako hausnarketen lekuko izango da.
Metodologia
Diseinu espekulatiboak oraina zalantzan jartzen eta etorkizunean izango dituen ondorioak aztertzen laguntzen digun diseinuaren ikuspegia osatzen du. Irtenbideak aurkitu beharrean galderak egitean eta etorkizuneko agertokiak sortzean zentratzen da. Inguruneak (baita ekosistema kulturalak ere) pertsonen bizitzan duten eraginari buruz eztabaida, hausnarketa eta pentsamendu kritikoa eragiten du. Etorkizun desiragarriak, bidezkoak eta jasangarriak modu kolektiboan aztertzeko eta imajinatzeko metodologia da.